XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gai hau berau sortu zen 1993ko martxoan, International House Teachers Centre-n ospatutako Irakasleen Prestakuntzaren Egunean.

Artikulu honetan, Barbarak eta biok honakoak egin nahi ditugu:


hizkuntzak irakasteko bi planteamendu gaingiroki azaldu;
bietako batekin pozik ez egoteko, jendeak izan ohi dituen arrazoiak ikertu;
beste planteamenduaren aurrean irakaslegaiek izan dituzten erreakzioen berri eman;
eta, amaitzeko, irakurleak kontu bat gogoan ibiltzera gonbidatu.

Zer adierazi gura dugu APP esatean?

APP esatean, jende gehienak hauxe adierazi nahi du:

Aurkezpena

Irakasleak eredu gramatikal baten forma eta horren erabileretariko bat aurkezten dizkio taldeari, testuinguru argi batean, adb. orainaldi trinkoa, oraintxe egiten ari garen gauzak adierazteko, edo funtzio edo nozio bat adierazteko moduak adb. gonbidatzea eta dotoreziaz uko egitea.

Praktika

Irakasleak praktika kontrolatua gidatzen du, jarduera desberdinez baliatuz, hala nola drillez, gramatika-jokoez edo rol-jokoetako elkarrizketez.

Sorkuntza edo etapa askea

Irakasleak jarduera bat proposatzen du, ikasleak hizkuntza askatasunez erabiltzera bultzatzen dituena.

Helburua zera izango litzateke, ikasitako hizkuntza berria proposatutako egoera batean sortzea.

Zer dauka txarra APPk?

Irakasle eta prestatzaile askok (bai eta testuliburu-egile batzuek ere) ahaleginak egin dituzte eredu hori bazter utzi eta hizkuntzak irakasteko beste eredu malguago bat hartzeko, ikaslearen ikuspegiari gehiago eusten diona.

Hona hemen horretarako eman dituzten arrazoiak:

a Ikasgelako esperientziak erakutsi digu ikasleek ez dutela nahitanahiez ikasten irakasleek APP moduan irakasten dietena.

Eskolan bertan ondo hartzen dituzte gauzak, baina kontuak huts egiten du kontrola falta denean.

Bestalde, badirudi irakatsi nahi ez dizkiegun gauza batzuk ere ikasten dituztela.

b Sorkuntzaren etapan ikasleek larregi erabiltzen dituzte hizkuntz item berriak (adb., orainaldi burutugabea erabili joaten naiz orainaldiko ekintza guztiak adierazteko, esanahia aintzat hartu barik), edo moldatzen dira komunikazio-jarduera bat egiteko, ikasitako item berri bat ere erabili gabe.

Beste era batera esanda, edo praktikarako beste jarduera kontrolatu bat bezala ikusten dute sorkuntzako etapa, edo, bestela, benetako jarduera aske gisa.

c APPk hizkuntz item isolatuen input pobretu eta sarritan desitxuratua ematen du.

Ikasleek benetako hizkuntzarekin topo egiten dutenean, dosi txikietan izanda ere, gainezkatuta ikusten dute beren burua.

Eta ikasle askok ezin du bizitza errealean erabili eskolan ikasitakoa.

d Hizkuntza bat ikastea ez da item berriak bilduz joatea, beste barik.

Gehiago da hazkunde organikoa.

Hizkuntza ez da bere zatien batuketa.